XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

4. unitate didaktikoa

IZAKI BIZIDUNAK ETA BEREN INGURUNEA

1. SARRERA

Unitate honetako aztergaia izaki bizidunak eta beren ingurunea izango da.

Besteak beste, ideia hauxe garatu nahi dugu: beren arteko elkarrekintzaren ondorioz iritsi direla gaur egun diren bezalakoak izatera.

Izaki biologikoak ingurune fisikoak eskaintzen dituen baldintzen mende daude, eta aldi berean ingurunea izaki horiek garatzen dituzten prozesu biologikoei esker aldatzen da eta eboluzionatzen du.

Lur planetari atal oso bat eskaintzea erabaki dugu, denon etxea den hau 4.500 milioi urtetan zehar bizitzak idatzi duen historia luzearen emaitza dela ulertzeko, planeta ezatsegin eta babesgabe hartan zelula primitibo haiek bizitza asmatu eta bikoizketaren bidez irautea lortu zutenetik gaur egungo milioika espezieetara iritsiz.

Espezieak moldaera berriak asmatzen jarraitzen dute, beren gunea bilatzearren, ingurunearekin eta gainontzeko espezieekin materia nahiz energia trukatzeko nortasun berezia adierazten dutelarik.

Horretarako Eguzki-sisteman dauden planeta guztien abiapuntu-baldintzak aztertuko ditugu, eta konturatuko gara hasieratik bi planeta besterik ez zeudela toki egokian

Baina hori ez zen nahikoa, planetaren tamainak ere garrantzia izan zuen, horren mende baitzegoen bai barne-beroari bai atmosfera babesle edo indargetzaileari eusteko gaitasuna.

Aurrerago, gure planetaren atmosferaren jatorrizko konposaera, beste planetetan ez bezala, erabat aldatu dela ikusiko dugu.

Eta horren arrazoiaren bila, biziak berak zerikusia izan duela hartuko dugu lan-hipotesitzat; izan ere, bizia bera bezain aspaldikoak diren prozesu batzuek, arnasketak eta fotosintesiak, gas-trukaketa etengabea eragin dute mila milioika urtetan zehar.

Baina aldatu den bakarra ez da atmosfera izan, Eguzkia ere eboluzionatzen joan da, eta gaur egun sortu zenean baino % 30 beroago dago.

Zergatik ez da igo Lurraren tenperatura neurri horretan? Zergatik mantendu da biziarentzat egokia den neurrian?

Agian Gaia hipotesian aurki dezakegu erantzuna: Gure planetak eta bertan bizi diren izaki bizidunek, oro har, autorregulatzeko gaitasuna duen sistema osatzen dute.

Bigarren atalean, bizitzaren zutabeak zein diren finkatzen saiatuko gara, ezinbesteko gaiak, alegia.